XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ima, Mertxe, Asun, Ana. Maite nuen ahuntz esnearen
bila joaitea. Zuekin. Ilunabarreko bide gorristaren
bazterrak gure solasetaz betez. Esne lodia pitzarretik
hurrupatzean, lur horail hartan sortu belarren usain on
guzi haietaz ginen asetzen. Betetzen. Mozkortzen.
Ima, Mertxe, Asun, Ana. Karrika huts kiskailduak.
Arratsaldeko bi ordutan. Kortina berde beheitituak.
Ilunabar gorrietan, berriz elgarretaratzen ginen bide
errautsu gorrantzak ametsez apaintzeko.
Ima, Mertxe, Asun, Ana. Arto landa haren erdian
gordeak, gure lehen zigarreta elkarri pasatuz erre
ginuena. Orhoitzen zaizte ote? Bestetan behi gorrien
aintzinean egiten ginituen lasterrak, atzenduak? Zuetaz
argazki ttipi bat baizik etzaut gelditzen. Horitua.
Ima, Mertxe, Asun, Ana. Ibero haundia badoa
mantsoki. Uda hartan, zikoinek jauregi zahar utziaren
kaskoan, beti bezala, prestatua zaukaten beren ohantze
haundia. Haurrek, karrasika junparazi zituzten amu luze
batzu beren esku muturretan altxatuz. Uda guziz bezala.
Xori lerdenen hegada apainduak puskatu nahian. Guk
egiten ginuen bezala.
Ima, Mertxe, Asun, Ana. Ene hango azken udan, ikusi
nuen nola bota zuten plazako jauregi gorria.